Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Amilotxak, haurtzaro programa abian

Badakigu haurtzaro arloko arrakastaren oinarria aurrez aurreko taldeen jarduera dela. Hala ere, gure erantzuna egungo konfinamendu egoerara egokitu behar izan dugu. Teknologia digitalari esker, proiektuan parte hartzen duten familiekin harremanetan jarrai dezakegu.

Amilotxak du izena Caritas Bizkaiak Gernikan daukan haurtzaro proiektuak.7 eta 10 urte bitarteko 10 haurrek parte hartzen dute. Ostegun arratsaldero elkartzen gara, garapen pertsonal orekatua lortzeko balio eta jarrerak lantzeko asmoz.

Koronabirusaren ondorioz ikastetxeek itxi behar izan zutenean, proiektua etenda geratu zen. Ikusita konfinamenduak luze joko zuela, familiei whatsapp bidez bidali zitzaien inguruko gizarte baliabideei buruzko informazioa (Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, Gurutze Gorria eta Caritas), zerbait behar izanez gero.

Salbuespen moduan, elikagai banaketa Gizarte Zerbitzuen eta Gurutze Gorriaren artean kudeatzen bada ere, Gernikako parrokoek Amilotxak proiektuko familietako batzuei elikagaiak banatzeko lanean parte hartu dute, dohaintza partikular bat jaso ostean. Bestalde, Bikaritza Harrera Zerbitzuaren bidez familietako batzuei laguntza ekonomikoa eman zaie. 

Hasierako kontaktua eginda, “Amilotxak” taldean lan egiten dugun boluntario taldean erabaki genuen “Zoom” plataforma digitala erabiltzea bilera telematikoak egiteko, gure artean eta haurrekin ere komunikazioa mantentzeko. Familia batzuetan ez daukate baliabide digital nahikorik kalitatezko komunikazio bat egin ahal izateko, baina hezkuntza saila laguntza ematen ari da arazo hori konpontzeko.

Une honetan, hiru jarduera-ildo ditugu martxan:

  • Ostegunetako saioekin hasi gara berriz. Bideokonferentzia bidez elkartzen gara, talde-izpiritua mantentzeko, mezu kolektiboak bidaltzeko, laguntza beharrak identifikatzeko eta erronkak proposatzeko asmoz.
  • Behin eskolako lanetarako beharrizanak identifikatuta, horietako bakoitzarekin banakako bideokonferentziak egiten ditugu; izan ere, bakoitzaren beharrak ezberdinak dira.
  • Astero erronka bat proposatzen dugu. Grabatu eta taldera bidali behar dute. Erronka errazak dira, dibertigarriak eta hezitzaileak, eta familiako beste kide batzuek ere parte har dezakete.

Badakigu aurrez aurreko dinamikak ezin direla ordeztu, baina bizi dugun egoerak ikusarazi digu motibazioa izanez gero, oztopo guztiak gainditu daitezkeela.

Ismene Mandaluniz Juaristi

Gernikako “Amilotxak” haurtzaro proiektuaren arduraduna.

Caritas Bizkaia

#ALKARTASUNABETIZABALIK

.

Lagundu sare sozialetan partekatzen: