Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Auzobizi, gazteentzako etxea

Egun bizi dugun egoeran honetan, ahal beste denbora pasa behar dugu etxean. Caritas Bizkaiaren Auzobizi proiektuko 9 gazteak ikasteko aprobetxatzen ari dira, eta buru-belarri dabiltza horretan, beren errendimendu akademikoa hobetzeko asmoz. Caritas Bizkaiaren bide-laguntza eta Otxarkoaga Prestakuntza Zentroko irakasleen ezinbesteko laguntza daukate horretarako, gaiak ikasi eta fitxak egiteko. Hiru ordenagailu dituzte egitekoak burutzeko.

Martxoaren 13an izan zuten azken eskola eguna Otxarkoagan. Ordutik, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 20:00etara, etxeko egongela ikasketa gela bihurtzen da 9 gazte horientzat. Horrela, gaztelania ezagutzak eta elektrizitate, karrozeria eta soldadura gaitasunak lantzen dituzte.

18 eta 20 urte bitarteko gazte hauek kalean zeuden duela 2 hilabete. Etxebizitza bat izatea funtsezkoa da bizi-proiektuari jarraipena eman ahal izateko; enplegu bat lortzeko helburuarekin ikasten jarraitzea aukera ona da gizarteratzeko eta autonomo izaten ikasteko.

Hiru aste hauetan beren etxea bihurtu da leku hori. Guretzako hain normalak diren eguneroko jarduerak garatzeko lekua da, esaterako, ohe batean lo egitea, egunero dutxa hartzea, arropa garbitzea, jatekoa prestatzea, mugikorra kargatzea, konektatuta egotea, telebista ikustea, 20:00etan balkoira irtetea (orain balkoia dute), ohitura osasungarriak mantentzea…

Igandeak ordutegirik gabeko egun libreak dira, atseden hartzeko, eta larunbatetan jarduera osagarriak dituzte, hala nola sukaldaritza tailerra, marrazketa, bideo-foruma, puzzleak, karta-jokoak, partxisa, antzara jokoa, musika entzutea… asko eskertzen dute hori guztia, eta aukera aprobetxatzen dute. Badakite beste kide batzuek oraindik ez dutela aukera hori. Bizitza soziala egin eta harremanak izatera ohituta dauden arren, etxebizitza hau beren etxe sentitzen hasi dira orain, eta seguru eta baloratuta sentitzen dira.

Luis Mari Vega

Auzobizi proiektuko laguntzailea

Caritas Bizkaia

Lagundu sare sozialetan partekatzen: