Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Balkoiko hausnarketak

“Geratu etxean”. Hori izango da, seguru aski, azken asteetan gehien entzun dugun esaldia. Komunikabideetan entzun dugu, sare sozialetan ikusi dugu… eslogan eta meme askoren leloa izan da, eta birusari lehen lerroan aurre egiten egon diren pertsonen eskaera izan da. Denok geureganatu dugu esaldi hori, denon ardura izan dela sentitu dugu eta beste batzuek ongizate kolektiboaren alde egindako lanari balioa eman diogu. Enpatia inoiz baino presenteago egon da.

Etxeak ezinbesteko elementu bihurtu dira krisi honetan. Beti izan da aterpe eta babesleku, baina orain ez diogu arnasarik ematen. Gela bakoitzeko txoko bakoitza aprobetxatu dugu. Gimnasio, lantoki eta jolastoki bihurtu dugu. Etxeak ez du tarte librerik izan, lehen ikastetxera edo lanera joateko irteten ginenean bezala. Eta hori gutxi balitz, kaleko bizia balkoietara eraman dugu. Topaketa bertikalerako leku, protesta egin eta eskerrak emateko leku bihurtu dira. Lau hormen babes-gaitasuna harago joan da: ez ditu barrukoak bakarrik zaintzen; kanpokoak ere babesten ditu.

Eguzkilore etxeez arduratzen da, baina zuek zarete, erakunde deribatzaileak, langileak, boluntarioak, etxe horietan bizi diren pertsona eta familiak ezagutzen dituzuenak. Pertsona horiek kokatzen diren kolektiboak ezagutzen dituzue, badakizue nola ari diren lanean beren bizitzak berreskuratzeko, badakizue zein gorabehera izan dituzten eta nola lagundu behar diezuen. Badakizue momentu batzuetan etxebizitza partekatu behar izan dutela, elkarbizitzak dakartzan zailtasun guztiekin… Orain denok gaude giltzapean, baina ezin dugu ahaztu haien egoera zein den.

Etxeek beti eduki dute beren pultsua. Erabili egiten ditugu, sartu eta irten egiten gara bertatik, beren erritmoa dute, eta orain, dena etenda dagoela, irmo eutsi behar diote, baina… zer gertatzen da ez badiote eusten? Zer gertatzen da kristal bat hautsi edo garbigailua matxuratzen bada? Momentu honetan kudeaketa hori asko konplikatzen da; gertakari horiek ezin dira konpondu, konpontzen dituztenak ere etxean baitaude. Beldurra ematen digu gertakari horiek gugan izan ditzaketen eraginak, ez jakiteak zenbat denboran eutsiko dion etxeak.

Geure burua egoera ezohikoetan aurkitzean, gugan lozorroan zeuden fazeta eta gaitasunak esnarazten dira. Pertsonekiko konpromisoa eta elkartasuna ernarazten dira, eta ohartzen gara metatutako esperientziak ere ez duela balio egoera honetan jendearen portaera zein izango den aurreikusteko. Enpatia, laguntza, adiskidetasuna eta elkartasuna gure artean daude, inoiz baino gehiago. Bakoitzaren eguneroko egitekoetatik kanpo dauden zereginak hartzen ditugu gure gain, ahal dugun moduan laguntzen diogu elkarri; esaterako, lanpara bat konpontzen. Jendea prest azaltzen da Adingabeen Etxera laguntzera joateko, jakinda haurren mundua asko txikitu eta ilundu dela, eta haiekin egon beharra daukagula.

Teknologiak elkarrengana gerturatu gaitu; koordinatzeko eta antolatzeko balio izan digu, jendea nola dagoen jakiteko. Pantailaren edo telefonoaren beste aldetik konpromisoz betetako erantzunak jaso ditugu. Batzuek pazientzia handia erakutsi dute beren eskaerak nahi bezain arin bete ezin direla ohartuta. “Ez da ezer gertatzen, itxarongo dugu”. “Ondo gaude, nola zaudete zuek?”. “Elkarri laguntzen diogu, balkoira irteten gara txalo egitera”. Etxebizitzetan izaten ziren matxurak konpontzera irteten ziren langileek ere lagundu digute, batzuetan egoera delikatuetan, eta, beste batzuetan, gerta daiteke bideo-dei bat nahikoa izatea galdara bat konpontzeko, adibidez.

Azken finean, denok gara komunitate baten partaide. Besteekin batera zerbait osatzen dugu, norbanakoa baino zerbait gehiago gara. Hori bagenekien, baina egoera honek gogorarazi egin digu. Eta hausnarketa horrek etxean harrapatu gaitu.

#alkartasunabetizabalik

Juanma Santiago Alonso. Etxebizitza Teknikaria.

Eguzkilore Fundazioa.

Lagundu sare sozialetan partekatzen: