Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Berrikuntza elkartasunaren mesedetan

Honezkero denok dakigu gauzak ez dira lehen bezalakoak izango. Baina… nork esaten du okerrago izango direnik? Esaera ezagun baten arabera, helmuga orok bide berri baten hasiera dakar (Every finish line is the beggining of a new race) eta Kooperan uste dugu horixe izan behar dela gure jarrera une honetan.

Berrikuntza berezkoa dugu, eta, horrela izanik, une bakoitzean daukagun egoerara eta erronkara egokitzen gara. Hauxe da, dudarik gabe, ahalegin pertsonal eta profesional handiena eskatu diguna, guk dakigula.

COVID-19ak sortutako egoeraren aurrean, Kooperak egokitzapen lana egin behar izan du bere egiteko soziala eta ingurumen arlokoa garatzen jarraitzeko. Aldaketak, irizpide berriak eta metodologia berriak ezarri ditu, betiere, gure egitekoa zein den oso argi edukita, eta guztiaren gainetik, pertsonei garrantzia emanez, batez ere, pertsona babesgabeenei. Pertsona horiek dira denon elkartasuna behar dutenak, orain inoiz baino gehiago.

Gure jardueretako batzuetan, hala nola pertsonen zainketa eta etxeko lanak, gure kideak dena ematen ari dira, eta eguneroko lanean jarraitzen dute. Horretarako, errutinak eta prozedurak aldatu ditugu, eta lana nekezagoa da, baina pozik gaude etxean dauden pertsona horien ondoan jarraitu ahal dugulako, eguneroko erritmoari eusteko beharrezkoa baitute laguntza bat.

Badugu beste jarduera bat, noski, gure jarduera nagusia; herritarrek eskuzabaltasun handiz edukiontzietan uzten dizkiguten arropa, liburu, jostailu eta tresna elektroniko txikiak kudeatzea. Horri dagokionez ere, gure lan-prozedura moldatu dugu, pertsona guztion segurtasuna bermatze aldera. Horretarako, beharrezko babes-ekipamendu guztiak erabiltzen ari gara, eta arropa jaso eta tratatzeko prozedura ere behar den moduan zaintzen ari gara, beharrizan handiena duten pertsonei arropa eta bestelakoak egoera onean heltzeko. Ehunka arropa sorta prestatzen ari gara (barruko arropa, praka, gonak, jertse, kamiseta eta bestelakoak, oinetakoak, berokiak…) eta erakundeek eskatu ahala entregatu ditugu, Caritas, Gurutze Gorria eta bestelako erakundeek, pertsona babesgabeenei laguntzeko xedez. 

Elkartasun lan horretan ari ginen alarma egoera ezarri baino lehen, Koopera Store dendetan arropak entregatuz. Posible denean berriz ere hasiko gara horrela egiten. Segurtasun neurriak hartu beharko ditugu, noski, gure dendetako bezero guztiek erosketa segurua eta, betiko moduan, iraunkorra egin ahal izateko. Neurri batzuk berriak izango dira (bezeroek probatutako edo itzulitako arropa modu berezian kudeatzea, aforoa kontrolatzea, langile eta bezeroentzako babes ekipoak edukitzea…), eta beste batzuk sendotu egingo dira, hala nola ozono bidezko higienizazioa. Kooperak duela urte asko ezarri zuen neurri hori. Desinfekziorako egokia da eta ingurumena errespetatzen du (ez du urik kontsumitzen).

Gainera, ez dugu ahaztu behar Kooperaren helburu nagusia bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonen laneratze eta gizarteratzea dela, eta ekonomia sozialeko sarea garenez (irabazi asmorik gabeko kooperatibak, fundazioak), pertsonak dira gure balioa nagusia. Hori da zaindu behar duguna, beste edozeren gainetik.

Horregatik, tarte honetan gure metodoak eta bide-laguntza emateko moduak egokitu ditugu, laneratze prozesu bat abian daukaten guztientzat. Une honetan ez hain fisikoa, baina jarraitutasuna eta gertutasuna betikoak dira. Hezitzaile, teknikari eta laneratze-kideen artean harremanetan egoteko moduetan ere berrikuntza aplikatu dugu: sistema telematikoak, bideo-deiak, edo telefono-deiak.

Argi dagoena da pertsonak direla lehentasun nagusia, egokitzeko gaitasunik gabe gure proiektuak ezingo luke aurrera egin.

Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizuegu guztioi, ilusioz eta ikuspegi positibo batekin lan egiten ari zaretelako. Ziur gaude indarberrituta aterako garela.

#alkartasunabetizabalik

Enrique Osorio

Kooperako Komunikazio Arduraduna

Lagundu sare sozialetan partekatzen: