Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

“Beti zurekin”

Edadetuen proiektuak egokitu egin dira: konfinamendu garaian ere bide-laguntza ematen dugu.

Duela aste batzuk arte, Caritaseko 300 boluntario inguru 400 edadetu ingururekin elkartzen ziren beren auzo eta herrietan. Planak askotarikoak ziren: etxean edo egoitzan solasean aritu, paseo bat eman edo kafea hartu, kartetan jolastu, parrokiaren lokalean beste pertsona batzuekin jardueraren bat egin… balio handiko gauza txikiak dira. Maite, entzun, eta baloratu egiten gaituztela sentitzeko balio dute, ilusioa mantentzeko eta konektatuta egoteko balio dute, eta, batez ere, lotura mantentzeko. Edadetuen bakardade sentimendua arintzen saiatzen gara bide-laguntzaren bidez, eta harreman sakon eta berezia sortzen da. Azkenean, ez daukazu hain argi zeinek laguntzen dion zeini.

Baina birus arriskutsu bat agertu zen, eta kezka handia sortu zuen. Egoitzetako bisitak murriztu ziren, lokalak itxi, eta, azkenik, etxeetan konfinatuta geratu behar izan dugu. Zientzia fikziozko film batean gaudela dirudi, XX. Mendeko gerrak eta bestelako zailtasunak bizi izan dituztenak ere harrituta daude. Ziurgabetasun une hauetan, denok daukagu gure sentimenduak partekatzeko beharra, bizi dugunari eta bestelako kontu batzuei buruz hitz egiteko beharra. Gainera, elkarrekin egon ezin dugunez, beharra handiagoa da, eta edadetuen proiektuak egokitu egin dira, “gertu” egoten jarraitzeko.

Telefonoa tresnarik egokiena izaten ari da etxe partikularretan bizi direnentzat. Boluntarioak deiak egiten ari dira, aurrez aurreko bisiten ordez. Eta dei horiek sarriago egiten dira beste babesik ez dagoela edo animoak baxu daudela uste dugun kasuetan. Bestelako beharrizanik dagoen ere behatzen dute, baina, orokorrean, senideak, Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua eta auzokideak arduratzen ari dira erosketak eramateaz, farmaziara joateaz edo zarama jaisteaz. Deien bidez, edadetuek esaten  digute denbora astiro doala, telebista batzuetan ez dela lagunik onena, entretenitzeko beste gauza batzuk egiten dituztela… oroitzapenak partekatzen dituzte, eta berriz elkartzen garenerako planak egiten dituzte. Batzuek hobeto daramate, beste batzuek ez hain ondo… baina denek eskertzen dute deia, harreman berezia baitute boluntarioekin. Telefonoak itxaropena ematen du eta zauri txikiak sendatzeko balio du egunotan.

Egoitzetan bizi diren pertsonentzat zirkunstantziak desberdinak dira, eta kontaktu pertsonalizatua zailagoa da une honetan. Boluntario batzuek astero deitzen dute egoiliarrez galdetzeko. Gainera, zentro batzuetan badakite zein garrantzitsua den boluntarioekin daukaten harremana, eta bideo-konferentzia bidez komunikatzeko aukera eman dute. Bilboko Elizbarrutiko Caritasekin batera (Karitate eta Justizia ordezkaritzak –Osasun Pastoraltza- eta Iragarkunde eta Katekesia), egoitzetan bizi diren pertsonei gutunak bidaltzeko ekimen bat jarri dugu abian, eta boluntarioak aukera aprobetxatzen ari dira beren lagundutako pertsonei animoa bidaltzeko.

Edadetuen boluntarioek lan pertsonal eta diskretua egiten dute, eta beti adierazi digute beren taldeak aurrera jarraitzeko animoa ematen diela. Eta orain ez da gutxiagorako. “WhatsApp taldeak pil-pilean daude” esan digu kide batek. Abisuak, bideoak, pertsonen animo-egoerari buruzko informazioa… Koronabirusa gainditu duen 90 urteko emakume batek goraintziak bidali dizkio bere boluntarioari; bera ikusteko gogo handia duela esan digu. Taldeak elkarri lagundu eta elkar zaintzeko eremuak dira. Beste boluntario batek idatzi du “taldea baino, familia dirudizue”; beste batek eskerrak eman ditu taldeko partaide izateagatik, senide baten galeragatik egindako otoitzaren ondoren.

Krisi zorigaiztoko honek ondorioak utziko ditu, zalantzarik gabe. Baina horietakoren bat ona ere izan daiteke. Gertutasun harremanen balioaren gaineko kontzientzia hartzea, esaterako. Elkar zaintzea eta elkartasuna. 

Pili Castro

Edadetuen eta Zahartze arloko arduraduna

Caritas Bizkaia

#alkartasunabetizabalik

Lagundu sare sozialetan partekatzen: