Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Bizimodu jasangarria izateko bidezko merkataritza

COVID19aren krisiak airean dauka mundu osoa, salbuespenik gabe. Gure sistema sozial, osasun sistema eta sistema ekonomikoei proba zail bat jarri die, eta datuak baino askoz gehiago utzi dizkigu. Gaixotasuna sufritzen ari diren familiak, senideei agur esan gabe hil diren pertsonak, lanean etengabe aritu behar izan duten profesionalak, egunez egun gaixotasunaren mehatxupean… baina benetan garrantzitsua dena ere agerian utzi du: pertsonak. Izan ere, orokorrean, etekin ekonomiko hutsari lehentasuna emateko joera hartu izan dugu, eta, gainera, esplotazioa, diskriminazioa, botere-abusua, kutsadura eta abar erabili dira helburu horretarako.

Ekonomia Sozial eta Solidarioak (ESS) eta, ondorioz, Bidezko Merkataritzaren Mugimenduak hamarkadak daramatza praktika horiek salatzen, eta, orain, inoiz baino gehiago, salaketa hori kapitalismoaren ordezko aukera bezala planteatu nahi dugu. Osasun krisi honek agerian utzi du zer den benetan funtsezkoa. Duela hiru hilabete nekazariak ikusi genituen kalera irteten bidezko prezioak, gertuko kontsumoa eta sektorearen garrantziaren aitorpena eskatuz; izan ere, gizartea elikagaiz hornitzen dutenak dira. Orain, krisiak erakutsi digu ezin dugula nekazaritza-sektorerik gabe bizi, horregatik, funtsezkoa da ekoizle txikiei babesa ematea, iraunkorrak izaten eta mundua elikatzen jarraitu ahal izateko. Horretarako, plan integral bat garatu behar da: kontuan hartu behar dira hornidura kateak, ekoizpen-kateen etekinen banaketa bidezkoagoa, multinazionalentzako betebeharrak eta kontsumitzaileen kontsumo arduratsuaren inguruko kontzientziazioa. Horretarako, gure kontsumo mailak egokitu behar dira benetako beharrizanetara, gure auzo eta herrien oinarria den gertutasun kontsumoaren aldeko apustua eginez.

COVID-19aren pandemiak irakatsi digu elkarren arteko lankidetza funtsezkoa dela denok egoerak gainditu ahal izateko. Pertsona batzuek maskarak josi dituzte etxean, beste batzuek babes-pantailak egin dituzte 3D inprimagailuekin, auzokide taldeak pertsona nagusiei laguntzeko antolatu dira, eta negozio batzuek bat egin dute beren lana berrasmatu era funtzionatzen jarraitu ahal izateko, pertsonei zerbitzua eskainiz. Ekimen txikiak dira, baina pertsonen zerbitzura jarritako jardueren adibide handiak.

Gaur, maiatzak 9, Bidezko Merkataritzaren Munduko Eguna ospatzen  dugu. Aurten ez gara kalera irtengo, baina gure ahotsa are ozenago entzunarazi nahi dugu, pertsonen eskubideak eta zaintza lana erdigunean jarriko dituen eredu ekonomiko bat aldarrikatzeko. Aurtengo eskaerak honakoetan zentratzen dira:

Pertsonak onura ekonomikoen aurrean. Lan-eskubideak eta bizimodu duina mundu osoko langileentzat. Bidezko Merkataritza arloko erakundeok adierazi nahi dugu langile guztientzako bizimodu duina aldarrikatzea funtsezko eskubidea dela. Gainera, gizarte global bidezkoagoa sortzen laguntzen du, eta krisiaren aurrean sendoagoa. Zentzu horretan, Bidezko Merkataritzaren arloko erakundeen praktika komertzialak langileentzako ondorio ekonomiko eta sozialak arintzen ari dira.

Kontsumo arduratsua egitea. Bidezko Merkataritza arloko erakundeok kontsumo beharrizanak benetako beharrizanen arabera egokitu behar direla defendatzen dugu. Langileak eta ingurumena errespetatuz sortutako produktuak aukeratzea, auzoko dendetan arduraz kontsumitzea, eta gure auzo eta herrietako gertuko produktuen alde egitea.

Ingurumena errespetatzea. Bidezko Merkataritzako erakundeok ekoizpen eredu berdearen alde egin dugu, karbono isurpenekiko neutroa.

“Ez ginateke normaltasunera bueltatu beharko, ez baita inoiz “normala” izan. Koronabirusaren aurreko errealitateak berdintasun eza, baliabideen erauzketa, esplotazioa, deskonexioa eta gabeziak normalizatzen zituen. Ez ginateke horretara itzuli beharko. Beste egoera bat sortzeko aukera daukagu. Gizatasun eta naturaren araberakoa”. Sonya Renee Taylor.

#Díamundialdecomerciojusto

#alkartasunabetizabalik

Cristina Gonzalo

Kidenda

Lagundu sare sozialetan partekatzen: