Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Caritasek emandako laguntza ekonomikoen zenbatekoa bikoiztu du

Cáritas Bizkaian badakigu familia asko zailtasunak izaten ari direla egungo krisiaren ondorioz; bereziki, adingabeak dituztenak eta diru-sarrerarik ez dutenak. Hori dela eta, apiriletik aurrera ohiko laguntza ekonomikoen zenbatekoa bikoiztea erabaki dugu. Egungo egoerari aurre egiteko ekintza sorta bat jarri genuen martxan duela aste batzuk, eta neurri hau ere horren baitan kokatzen da.

Martxoaren 16an lehendik ere gure arreta jasotzen ari ziren eta Harrerako taldeen bidez laguntza ekonomikoa bideratzen zitzaien pertsonekin harremanetan jarri ginen, telefonoz (Bizkaia osoan 67 inguru dira), jakiteko nola aurkitzen ziren; orientazioa emateko eta entzuteko. Gainera, jakinarazi genien laguntza ekonomikoa jasotzen jarraituko zutela, nahiz eta aurrez aurre ezin egin. Zentzu horretan, boluntario guztien konpromisoa eskertu nahi dugu, telefono bidez kontaktuan jarraitzeko konpromisoa hartu dutelako eta egoeraren inguruko informazioa ematen digutelako.

Cáritas Bizkaian laguntzak ordaintzeko aukera ez presentziala eskaintzen hasi gara; telefono mugikorren bidezkoa. Sistema horren bidez, familiei dirua bidaltzen diegu, gero haiek Hal Cash sareko kutxazain automatikoen bidez atera ahal izateko. Banku transferentzia bidez egiteko aukera ere badugu. Horrela, krisi hau sortu baino lehen laguntzen ari ginen prozesuak aurrera eramaten jarraitzen dugu.

Era berean, hainbat telefono mugikorren bidez, eta, batez ere, Cáritas Bizkaiaren zerbitzu zentralen telefonoaren bidez (944020099), kaltetutako pertsonen deiak eta eskaerak jasotzen ari gara. Eskaera horiei erantzun eta orientazioa eman ahal izateko, garrantzitsua da familia horiek babesteko Administrazio publikoak ezarritako neurriak eta Hirugarren Sektore Sozialaren egitekoa ezagutzea. Badakigu pertsona eta familia asko, hainbat zirkunstantziarengatik, beharrezko estalduratik kanpo gelditu daitezkeela, eta zentzu horretan lan egin behar dugu.

Harrera zerbitzuaren bidez egindako bide-laguntza mantendu eta beharrizan handiena duten pertsonak babestu nahian, krisiak eurengan izandako ondorioen berri eman diguten pertsona batzuei ahotsa eman nahi izan diegu. Horrela erantzun zion pertsona horietako batek gure deiari: “pentsatzen nuen inor ez zela nitaz gogoratuko; eskerrik asko deitzeagatik eta nola nagoen eta zer behar dudan galdetzeagatik”. Beste pertsona batek (guk eskatu gabe) egin ahal izan dituen erosketen argazkia bidali digu: “Eskerrik asko, benetan mila-mila esker. Badakit ez duzuela argazkirik eskatzen, baina ez dakizue zenbaterainoko laguntza ematen diguzuen”.

Mila esker zure laguntzagatik.

Marimar Ortiz. Harrera integraleko arduraduna.

#lasolidaridadnocierra #alkartasunabetizabalik

www.caritasbi.org

www.alkartasunabetizabalik.eus

Lagundu sare sozialetan partekatzen: