Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Elkartasuna, itxaropenaren erregaia

Inoiz ez genuen imajinatuko talde moduan halako esperientzia gogorra bizi beharko genuenik. Baina itxaropena badugu!

Hemen gaude berriz Caritaseko kideok, prekarietate egoerak arindu nahian. Gizarteko kide guztiak gaude konfinatuta, eta denok gara uste genuena baino ahulagoak.

“Dejà vu” moduko baten sentsazioa daukagu: 2008ko krisi hartan bizi izan genituen emergentzia egoerak berriz sentitzen eta babesten ari gara. Egoera horietako asko itzuli dira Caritas Bizkaiara, laguntza eske.

Kristau komunitatea hor dago, gure oinarri nagusia da, baina gizartea anitza da, askotariko pertsona eta erakundez osatua, eta ohiko lankide ez diren arren, asko gerturatu zaizkigu 2008an bezala, zer behar dugun galdetzera.

Eta beharrizana handia da. Etxegabetasun egoerak ditugu, adikzioak dituzten pertsonak, langabezian daudenak, adingabeak, indarkeria egoerak, eskolako jantokiaren beharra zuten familiak… eta hemen gaude. Dohaintzan jasotzen ditugun objektu material guztiak ongi etorriak dira; horrela, beste laguntza batzuk emateko lanean zentratu gaitezke: laguntza ekonomikoa, psikologikoa, heziketa arlokoa… eta etxeko armairu eta hozkailuak janariz betetzeko laguntzak.

Honen asmoa ez da enpresa edo dohaintzen publizitatea egitea. Besterik gabe, pertsona askoren eskuzabaltasunaren bidez estaltzen ditugun beharrizanak ikusarazi nahi ditugu.

Enpresa, kirol elkarte, ostalaritza zerbitzu, abokatu bulego, aholkularitza eta abarren dohaintzak jasotzen ari gara. Batzuk ekarpen ekonomikoak dira, beste batzuek beren produktuak eskaintzen dizkigute.

Pizzeria batek astean behin afari ederra prestatzen du hainbat etxetara eramateko, eta bai eskertuta daudela! Aspalditik gurekin lan egiten duen farmazialari batek hidrogel, termometro eta krema hidratatzaileak eman ditu dohaintzan, kaleko bizimoduak zigortutako azalak eta gaixotasunak arintzeko. Horrela, guk zati hori aurreztu ahal izan dugu zentroetan izango ditugun beste beharrizan batzuetarako.

Freskagarriak botilaratzen dituen enpresa bat ere lagun izan dugu… badakizue zer den cola freskagarri bat desintoxikazio prozesuan daudenentzat?

Bioerregaia ekoizten duen enpresa batek ere dohaintza eskuzabala egin digu.

Hotel guztiek egun batetik bestera itxi behar izan zuten, eta hozkailuak hustu zituzten, gureak betetzeko, “behintzat, baten batek aprobetxa dezala…” esanez.

Kontserba-egileek ere hala egin zuten “hemen duzue gure produktua, asko irauten du, proteina da… hegaluzea, muskuiluak… jantoki sozialetan aprobetxatu ahal izango dute”.

Esnekien fabrika batetik honakoa esan ziguten: “ez gastatu gure produktuetan, guk emango dizkizuegu gosaritarako gauzak; horrela, beste beharrizan batzuetan gastatuko duzue diru hori”.

Nola pasatzen da konfinamendu bat ia mugimendurik gabe eta gora begira?: gimnasioa, kirol-materiala eta abar eskaini dizkigute.

Enpresa batzuek beren jarduera berrantolatu dute maskarak eta babes-pantailak egiteko.

Pipa eta snack lantegiak ere prest agertu dira: “zerbait ospatu behar bada… ez dadila halakorik falta!”.

Ziurgabetasun sasoiak dira, egun batetik bestera antolatzen dugu lana, epe erdira begira. Birusak arazoak emateari uzten dionean, Fernando Simón egunero ikusteari uzten diogunean, bidean berriz ere atzean geratutako pertsonez arduratzen jarraituko dugu.

Egoera honetan, itxaropena etorkizun eta iraganerako heldulekua da, baina ez da ezerezetik sortzen, gizarte sareak elikatzen du, pertsona babesgabeenen beharrizanei erantzunez, elkartasunez. Izan ere, elkartasuna da itxaropenaren erregaia, horiek gabe ez dugu kohesio sozial delako hori lortuko; guk gizatasun partekatu deitzen diogun hori.

#alkartasunabetizabalik

Ana Isabel de la Torre.

Gizarte Ekintzako arduraduna.

Caritas Bizkaia.

Lagundu sare sozialetan partekatzen: