Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Hezkuntza arloko desberdintasunak krisi sasoian

Babesgabetasun egoeran dauden haur  eta nerabeen desberdintasun egoerak agerikoagoak dira orain.

2020ko martxoaren 12a, osteguna. Bizkaiko Hezkuntza Delegaritzak ikastetxe guztien behin-behineko itxiera dekretatu zuen. Haurrak etxera itzuli ziren ondo jakin gabe noiz bueltatuko ziren eta zer gertatuko zen bitarte horretan. Laster konturatuko ziren egoera luzerako zela, ez zirela opor txiki batzuk, hasieran uste bezala.

Caritas Bizkaiaren haurtzaro proiektuen bidez lanean hasi ginen gure jarduera egokitu eta familiekin harremanetan jarraitu ahal izateko. Bagenekien krisi honek eragin handia izango zuela babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeengan.

Asteotan konturatu gara familia guztion abiapuntua ez dela berdina, ez ditugula aukera berdinak krisi egoera honi aurre egiteko unean. Hauek dira elementu nagusietako batzuk:

  • Telematikoki lan egiteko aukerak txikiagoak dira familia batzuetan: gailu informatiko faltagatik edo Interneterako konexio faltagatik, alde batetik, eta, bestetik, ezagutza teknologiko faltagatik.
  • Krisi eta konfinamendu egoerak dakarren estras emozionala kudeatzeko gaitasuna txikiagoa da familia babesgabeetan. Gaitasun hori murrizten duten hainbat faktore hauteman ditugu:
    • Baldintza materialengatik kezkatuago daude, eta estresatuago.
    • Familia askok beldur bikoitza dute: gaixotasunaren beldurra (orokorrean, herritar guztiok daukaguna), eta egoera administratibo erregularrean egoteagatik atxilotuak izateko beldurra.
    • Guraso-gaitasunen inguruko autoestimu baxuaren ondorioz, ez dira gai sentitzen.
    • Heldu bakarra haurren kargura dagoen familietan karga emozionala handiagoa da, ez baitaukate norekin konpartitu.
  • Ikastetxeak itxita egoteak curriculum ezagutzen transmisio falta dakar, baina ez bakarrik hori: beste ikasketa garrantzitsu batzuk ere etenda geratzen dira, hala nola garapen pertsonala, soziala eta komunitarioa, aurretik ere konplikatuak zirenak.
  • Babesgabetasun egoeran dauden etxeetan nabariagoa da gurasoek etxerako lanetan laguntzeko duten gaitasun falta:
    • Ikasketa-maila baxuagoko familiek, edota euskara ezagutzen ez dutenek zailtasun handiagoak dituzte haurrei etxerako lanekin laguntzeko.
    • Familia batzuetan gurasoek funtsezko egitekoetan egiten dute lan (elikagai-denda txikiak, garbiketa-lanak, supermerkatuko langileak, osasun langileak…), eta haurrekin egiteko denbora gutxi daukate.
    • Heldu bakarreko familietan laguntza hori emateko denbora ere murritzagoa da. Hori larriagotu egiten da haur kopuruaren arabera.

Elementu horiek guztiak kontuan izanda, Caritas Bizkaiaren izenean honako zerbitzuak eskaintzen ari gara:

  •  Telefono bidez entzun eta babesa ematea: zer gertatzen ari zaien jakiteko, bereziki delikatuak izan daitezkeen egoerak hautemateko eta interesatu ahal zaien informazioa emateko.
  • Babes emozionala emateko tresnak, haur eta gazteentzat zein helduentzat, egoerari hobeto aurre egin ahal izateko. Ildo horretatik, laguntza emateko gida-liburu batzuk sortu ditugu eta familiei bidali dizkiegu. Webgune honetan aurki daitezke: https://lasolidaridadnocierra.eus/recursos/
  • Proiektu batzuen bidez etxerako lanak egiteko laguntza eskaini da. Helburu bikoitza du honek: ildo horretan ematen genuen babesa ematen jarraitzea, eta bereziki zaila den une honetan arreta hori sendotzea.

Abiapuntu horretatik, badakigu oraindik bidea luzea dela, haur eta nerabe asko sufritzen ari diren desberdintasun egoerei aurre egin nahi badiegu. Horretan ari gara, eta gure lanaren inguruan hausnartzen eta egokitzen jarraituko dugu, denontzako gizarte eredu bidezkoagoa lortzeko asmoz.

Monika Martín

Familia harremanen arloko arduraduna

Caritas Bizkaia

#alkartasunabetizabalik

Lagundu sare sozialetan partekatzen: