Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Sarean: Gehiago eta hobeto

Bizi-Bete proiektuen esperientzia pandemia garaian.

Bizitzen ari garen egoera honen ondorioz, hainbat jokabide, egoera eta ekintza aldatu behar izan dira. Edadetuei bide-laguntza emateko proiektuetan, boluntarioak edadetuekin elkartzen ziren. Metodologia hori egoera berrira moldatu behar izan zen, gure helburua mantentzen jarraitzeko: Bide-laguntza eman, partekatu eta beharrizanei erantzuna ematea.

Zehazki, BIZI BETE proiektuetan (Irala, Zazpi Kaleak eta Basauri) aurrez aurreko topaketak egiten ziren gure lokaletan, baina alarma egoera indarrean jartzearekin batera, gure ateak itxi behar izan genituen. Ezinezkoa izango zen aurrez aurre elkar ikustea, baina zerbait egin behar genuen gure arteko harremana mantentzeko, ereindako lotura hori elikatzen jarraitzeko. Birusak ezin zigun hori ere kendu. Beraz, boluntario taldeko kideok formula berriak aztertzen hasi ginen.

Sebastián Morak esaten zuen moduan (urte askotan Espainiako Caritaseko zuzendari izandakoa): “Krisi honek erakutsi digu bakarrik ez garela ezer, babesgabetasuna zaindu behar dugula…”. Krisi honetan gehien erabili den tresna, hau da, telefonoa baliatuz, buru-belarri hasi ginen lanean, eta gure edadetu maiteei astero-astero deitu diegu, batzuetan bi aldiz; eta beste kasu batzuetan, egoera bereziki delikatuetan, deiak egunero ere egin ditugu. Eta ez dira soilik boluntarioak arduratu deiak egiteaz, edadetuak eurak ere haien artean egon dira harremanetan, edota haiek izan dira boluntarioei deitu dietenak. Horrek argi erakusten digu, egoera zailetan, gure onena ematen dugula.

Gutunak idatzi eta mandalak margotzera ere animatu ditugu, esaterako, haiek baino are egoera zailagoen dauden edadetuei bidaltzeko, egoitzetara. Elizbarrutiaren eta Caritasen ekimena izan da, egoitzetan bizi diren edadetuengana hurbiltzeko helburuarekin. Elkarri animoak emateko benetan gauza politak idatzi zituzten. Eskuzabaltasun-keinu ederra izan da.

Homerok zera esaten zuen: “Ez dira alferrik ahulenak, beren indarra batzen bada”. Eta hori saiatu gara praktikara eramaten. Elkartasun sareak ehundu dira. Boluntario askok ere baditugu urte batzuk, eta gauza batzuetan ezin dugu askorik lagundu, baina esperientzia daukagun arloetan bai. Bagenekien zer zen pertsona askorentzat senideak eta lagunak ezin ikustea; eta aspektu afektibo hori zaintzea oso garrantzitsua da. Horretan datza gure esku-hartzea. Pertsonekin garatutako loturari esker, beren beharrizanak identifikatu ahal izan ditugu, eta horiei erantzuna emateko bideak aurkitu ditugu (Caritaseko beste proiektu batzuk, sareak, Gizarte Zerbitzuak, osasun arloa…). Pertsona batzuek medikura joateko laguntza behar izan dute, entretenitzeko libururen bat, puntua egiteko artileak, laguntza psikologiko profesionala edota eguneroko bizimodurako gestioak.

Gainera, Deustuko Unibertsitateko eta Oviedoko Unibertsitatearekin bat egindako Ossó Aita Fakultateko ikasleen laguntza izan dugu. Telefono bidez, aspektu kognitiboak landu eta “gimnasia mentala” egiteko jarduerak burutu dituzte gure edadetuekin.

Edadetuek bataila asko bizi izan dituzte, eta esperientzia horrek emandako pazientzia eta egonarria transmititu dituzte. Etxean aldi baterako sarrarazi gaituen egoera honi kemen handiz eutsi diote. Haietako askok erakunde publikoen babesa ere jaso dute, telefonoz deitu baitiete laguntza eskaintzeko: Zer moduz zaude?, Zerbait behar duzu? Caritas ere erakunde horiekin koordinatu da, beste laguntzarik izan ez duten pertsonei baliabide gehiago dedikatu ahal izateko.

Laburbilduz, une zail hauetan saretzen joan den baliabide multzoak erakusten du elkarrekin lan eginez gero, egoerei buelta eman ahal zaiela, eta gizarte bidezkoago bat posible dela.

#alkartasunabetizabalik

Carmen Badiola eta Mª Jesús Lanciano

Bizi-Bete Irala proiektuko boluntarioak

Edadetu eta Zahartze Arloa

Caritas Bizkaia

Lagundu sare sozialetan partekatzen: